Bi

Bi lagun, niretzat ezezagunak, elkarrekin ezkontzekoak direla eta  beraientzako oparia eskatu dit nire lagun batek. Beren artekoa adierazteko genero eta rol ezberdinen arteko lotura osagarria adierazi nahi izan dut ondoko irudiarekin. Baten leuntasun, gozotasun eta besarkada bestearen sendotasun, ziurtasun eta indarrarekin uztartuak, eta bi-tartean espazio librea, argitasuna, askatasuna. Bitasun hori norberaren baitan ere ematen da, edo eman daiteke, eman dezakeena ematen uzten bazaio norberari.

“Norbere baitakoak gara gu,

neu tinko, zuzen eta indartsu,

leun, gozo eta bihotzbera zu.

Elkarri helduta elkar garatuz

bion babesean sortu dezagun,

arnas, argi eta askatasun.”

Image

 

 

 

Zer neurri du emozio batek?

ImagenHalabeharrez, bezero lagunek halaxe eskatuta, txikitu egin ditut nire irudiak. “Luix,… zera… irudiekin gustura nabil BAINA karreatu behar ditudalarik astunegi zaizkit; haseran ederto baten, bigarrenean ondo, hirugarrenez tira…, zazpigarrenez nekagarri. Handiegiak agian, txikixeagoak balirake…” BAINAren indar iraultzailea oharkabean pasatzen zaigu; egunerokoa ankaz gora, atzekoz aurrera edo batekoz bestera jartzeko ahalmena du ordea.

Gaiak huskeria dirudi, alta, aitor dezadan, ez zait erraza gertatu. Begirada egokitu behar izan dut, egin ahala, ahaleginez, 12cmtik, 8ra, 6ra,…beherantz, hutserantz, egin bat, egin bestea,… hamaikagarrenez ari nintzenelarik iritsi nintzen gogoz aritzera, 4cmtan ere nahi nuena irudikatzera, emaitzarekin ase sentitu naizen arte. Izan ere, zer neurri du esku baten babesak, altzo baten epeltasunak, azal arrailduak, begirada zurrunak, gogo uzkurtuak, maitasun izpiak, buru eroriak, etsipenak, kemen sendoak, laztan baten goxoak…, alegia, zer neurri du emozio batek? Ispilurik ttikienak ere ikuspegi itzela zabal dezake norbere baitan, begien atzean ikusgaitz dugun hori, geure atzekoa, geure baitangoa garen hori atzemateko.

Eta, zer dira bada irudiok, ispiluak ez eta? norberaren baitakoa beraiengan irudikatua suma, begiz kanpoan ezarri, aurrez ikusmiran jarri,… eta aztarna bila bezala begiratzean, horra, agerian biluts, arimaren gandua, minaren orbana, gogoaren lausoa, bildurren ateak, nahasmenaren zirrikituak, matazaren hari muturrak, korapiloaren kokapena,… Arimaren arnasbide, ikusgaitz zaizkigun emozioen gogaide, sentimenduen orekarako bidelagun, nahi duenarentzako sendairudi bihurtuak,… beren txikitasuenan ustekabeko indar iraultzailea.

Orain, begiratzen ditudanean laztana besterik ez datorkit, arrotasun kilimak ere bai, ondo eginaren zirrara. Eskertu beharrean natzaik Asier, hona ekarri naukelako.

Leonard Cohen-i ere eskerrak eman nahi dizkiot, bere “Songs from a room” entzunez idatzi baitut honakoa. Gozamen bikoitza.

Laiariak

Munduko Landaguneak, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, mundu mailako jardunaldiak burutuko ditu 2011ko urriaren 5-7 bitartean Bilbon, “Familia nekazaritza: Mundua elikatu. Planeta zaindu” gaia jorratzeko. 
Aukera hori probestuz, erakunde honen sorrera bultzatu zuten lau pertsona omenduko dituzte: Emiliano Ortega (Txile), Raul Alegret (Venezuela), Jorge Wyder (Suiza) eta Luis Miguel Macías (Euskal Herria)
Berauentzako oroigarria egiteko eskaria jaso dut eta pozarren egingo ere, oso gertukoa sentitzen baitut nekazal herri eta baserrien iraupenerako egungo egoera etsigarria, elikadura industria eta multinazional boteretsuen menpe jarrita, gobernu gehienen laguntzaz, zigorgabetasun neurrigabez lur, ur, baso eta hazi lapurreta mundu osoan jasaten ari baikara garaiotan, herri askoren elikaduraren, bizimoduen eta kulturaren kaltetan, biziraupena arriskuan jartzeraino. Beraz, halako egoera sufritzen ari diren nekazarien alde era batera edo bestera jardun duenarentzat gustura sortuko dut irudi bat.

Sortu dudan irudia: LAIARIAK: lau laiarik elkartuta zailtasunak iraultzean egun berri bat sor dezakete.
Irudiaren oinarrian laia dago, eremu zailetan lurra auzolanean iraultzeko tresna. Lurra eta pertsonak lotu dituen lanabes iraultzailea.
Laia-hortz bakoitzak egur ezberdina izango du, laiari bakoitzaren berezitasuna adierazteko: intxaurrondoa, gaztainondoa, haritza eta akazia.

Hamen bideoa

Laburpen hitzak , , , ,

bloga bloga mariñela!

blog zurrunbiloak irentsi nau eta ito beharrean nabil, post, orri, link, baga, biga, higa, laga, boga,… onik ba ote hemen? itsaso zakarrean bogan arrastorik jakin gabe oskol baten barruan txiribueltaka, edo txiribogan. Ez bogan, ez txiribogan, eskerrak hasiera asierri helduta egiteko zortea izan dudan. eskerrik asko nire mariñel horri!!